XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

1. SARRERA Haurrek eskola giroan idatzitako ipuinen aditz kategoriaren unitateak zeintzu diren, ipuinetan nola banatzen diren eta unitate hoiek betetzen duten zenbait funtzio aztertzea da lan honen helburua.

Euskararen jabekuntza erak aztertzeko eta, eskola giroan, testu produkzioa hobetzeko estrategia pedagogikoez hausnartzeko garrantzitsutzat jotzen dugu helburu hau.

Gure lan hau BRONCKART eta laguntzaileek (1985) egindako ikerketetan oinarritzen da.

Ikerketa hauen asmoa diskurtsoaren funtzionamendua adierazten duen eredu bat definitzea da, gizarte elkarrekintza izendatzen den korrontean kokatua.

Lan hauek frantsesa hartu dute oraindainokoan, nagusiki, aztergaitzat.

Eredu honek aukera ematen du aditz kategoriako unitateak aztertzeko diskurtsoak sortzen duen komunikazio ekintzaren zenbait arlo desberdinen aztarna behagarriak bezala.

Eredu honetatik abiatuz testu mota desberdinetako ezaugarrien deskribapenak lortu dira.

Euskarari dagokionez OCIO eta laguntzaileek (1983) eta PLAZAOLAK (1987) ekin diote euskal testuen azterketari eredu hau jarraituz.

Lan hoietatik jasotzen da zenbait terminologi kontzeptu, hain zuzen aditz denborak izendatzeko erabiltzen direnak.

Aditz forma desberdinen funtzioak, agertzen diren testu moten arabera, FAYOLek (1982, 1985) eta BRONCKARTek (1985) ikertu dituzte.

Haien emaitzen artean honako hau azpimarra daiteke: ipuin formako narrazioari dagokionez eta frantsesaren azterketa helburu izanik, bertan agertzen den ezaugarri garrantzitsuena, imparfait eta passé simple izeneko aditz formen erabilera nagusitzea dela.

Honezaz gain, aditz forma hauek gainegitura narratiboaren fase ezberdinak mugatzen laguntzen dutela ikusi izan da.

FAYOLek (1985) berariaz baieztatu du azken hau, LABOV eta WALETZKYren (1967) gainegituraren eskematik abiatuz.

Eta DOLZek (1987), ADAMen (1984) gainegitura narratiboaren bostnako eredua jarraituz frogatu egin du hori beranduago.

Hemen aurkezten den ikerketak DOLZek (1987) frantsesez egindakoa jasotzen du eta adin beretsuko haur euskaldunengan aplikatzen da, euskararen aditz kategoriako unitateen erabilera zehazteko narrazio motako testuetan aplikatu ere.

Bide batez, euskarazko eta beste hizkuntzetako ipuinen arteko konparaziorako lehenengo hurbilketa baterako pauso bat ematen saiatzen da.

2. METODOLOGIAREN DESKRIBAPENA Lanaren abiapuntua 64 testu jasotzea izan da.

Hauetatik 32 OHOko 4. mailako ikasleek (9 urte) eginak dira eta beste 32ak OHOko 6. mailakoenak (11 urte); denak amahizkuntzaz euskaldunak dira eta euskaraz eskolatuak.